Ordua

2012-11-19

Abakoa

Gaurkoan, nik sortutako abakoa erakutsi nahi dizuet.



Abako hori matematikako irakasleak iazko kurtsoan egitea proposatu zigun. Hautazkoa zen, baina niri ideia bikaina iruditu zitzaidan, bat sortzea. Izan ere, etorkizunean nire ikasleekin erabil dezaket. Gainera, egiten ikasi dudanez, haiekin ere bat sor dezaket. Egiteko modua nahiko erraza da. Honako hauek izan ziren nik jarraitu nituen pausuak: 

1. Egurrezko zati bat lortu nuen oinarri gisa erabiltzeko. Den den beste material batzuk ere erabil daitezke.
2. Ondoren, metalezko makil batzuk eta kolore ezberdineko bolatxoak erosi nituen. 
3. Makiltxo bakoitzean 20 bolatxo sartu eta hauek egur zatira itsatsi nituen.
4. Erdian kartoi zati bat jarri nuen abakoaren bi aldeak bereizteko. Kartoia kolorezko orri batekin plastifikatu nuen, politago geratzeko.
5. Azkenik, unitateak. hamarrekoak... adierazi nituen zutabe bakoitzaren beheko aldean.

Honekin abakoa amaitutzat eman dezakegu, dena den nik beste gauza batzuk moldatu nituen. Alde batetik, hamargarren eta hogeigarren bolatxoak besteengandik desberdintzeko, mota ezberdineko bolatxo bat jarri nuen. Izan ere, honek bolatxoen zenbaketa errazten du. Beste aldetik, nahiz eta argazki horretan ez ikusi abakoa dekoratzera ekin nion, marrazkitxo batzuk atzeko partean eginez. 

Esan beharra dut abakoak balio digula, batez ere, haurrak txikiak direnean kenketak eta gehiketak erakusteko. Izan ere, betiko metodotik aldentzen gara, eta gainera eragiketak poztasun gehiagorekin burutuko dituzte, bolatxoekin esperimentatu behar dutelako. 

Abakoak nola funtzionatzen duen jakin nahi izatekotan, hurrengo bideoa ikusi:


2012-11-10

Trikimailu matematikoa

Haurrak txikiak direnean normalean gustuko dute, asmakizunak eta trikimailuak egitea. Haientzat magia baita. Beraz, nik haurrei erakutsi diezaiokegun trikimailu matematiko bat proposatzen dizuet. Gero, haiek euren lagun eta familiarrei egiteko. 

Haurrari bi zifrako zenbakia pentsatzeko eskatu behar zaio.


Ondoren, zenbaki horri bukaeran huts bat gehitzeko eskatzen zaio.


Jarraian, geratutako zenbaki horri, biderkatzeko 9ren taulako zenbaki bat kendu behar diote (9, 18, 27, 36...........81).


Kenketa egin ostean, haurrari lortutako azken zenbakia esateko eskatu behar diogu. Modu honetan, geuk gehiketa bat eginez, berak hasieran pentsatutako zenbakia asmatzea lortuko dugu. Asmatzeko egin beharrekoa hurrengoa da: Esango digun zenbakiak hiru zifra izango ditu. Lehengo bi zifrari kasu honetan 44-ri azkenengo zifra gehitu behar zaio (1). Horrela, 45 lortuz, haurrak hasiera batean pentsatutako zenbakia.


Trikimailu hori esaterako, matematikako klasea amaitzear dagoenean erakutsi ahal diegu. Izan ere, azken 5 minutuetan haurrak klasearen amaieraren zain egoten dira, euren arreta maila murriztuz. Hortaz, 5 minutu horiek horrelako gauzak erakusteko erabil ditzakegu. Modu honetan, haurren interesa piztea lortuko dugu. Gainera, haurren motibazioa handitu egiten denez, seguru asko hurrengo klasera gogo gehiagorekin etorriko dira. Aldi berean, matematiketako ikuspuntua ere, alda dezakete, hain aspergarriak ikusiko ez dituztelako.

2012-11-04

Matematikei buruzko hausnarketa

Nire ustez, gaur egun eskolan ematen diren matematikek aldaketa ezinbesteko bat pairatu beharko lukete. Izan ere, askotan matematikak era mekaniko edo sistematiko batean erabiltzen ditugu, zer ari garen jakin gabe. Hori gero eta nabariagoa da, zenbat eta maila altuagoan egon. Dena den, Lehen Hezkuntzan ere, praktikotasun falta nabaritzen da.






Nire ustez, haurrek edukiren bat behar bezala ikasteko, edukiari praktikotasuna ikusi behar diote. Hau logikoa da. Izan ere, zertarako ikasi inoiz ez erabili behar izango dugun zerbait? Eta gainera, egun batzuk pasa ondoren ahaztuko duguna? 

Galdera horien inguruan hausnartuz gero, nire ustez, ikasketa eraginkorra eta baliagarria izateko, edukiak nahitaez praktikara eraman behar dira haurrek ikus dezaten zein momentutan ikasitakoa aplika dezaketen. Hala ere, Lehen Hezkuntzako matematikak oinarrizkoak direnez, praktikotasun eza ez dago hain agerian. Izan ere, eguneroko bizitzarekin zerikusia duten problemak ebatzi behar dituzte. Beraz, esan bezala matematiken zailtasun maila zenbat eta handiagoa izan, gero eta praktikotasun gutxiago ikusten diogu ikasitakoari. Baina zergatik? Gauzak kalkulatzea eskatzen baino ez digutelako, konturatu gabe kalkuluak egiteko kalkulagailuak ditugula. Beraz, zertarako ikasi integralak egiten, baldin ez badakigu noiz egin behar dugun integral bat bizitzan sortutako arazo bat konpontzeko? 

Honekin lotuta, Lehen Hezkuntzan praktikotasuna are gehiago azpimarratzea nahiko nuke. Esaterako, ni gogoratzen naiz, angeluak neurtzen ikasi nuenean, beti liburuan agertzen ziren angeluak neurtu behar nituela. Honek ez du errealitatea erakusten. Izan ere, gure bizitzan zehar seguruenik, angeluren bat neurtu behar izatekotan, angelu hori ez da liburu bateko gainazal lau batean agertuko, baizik eta hiru dimentsioko objektu erreal bateko angelua neurtu behar izango dugu. Esaterako, izkina baten angelua neurtzea behar izango dugu, bertan altzairu bat jartzea erabaki dugulako. Hau adibide soil bat baino ez da, baina askoz ere gehiago daude.

Ondorioz, irakasleak izango garenez gero, honetan ahalegin handiak egin beharko genituzke, edukiak errealitatera hurbiltzeko, haurrek matematikak baliagarriak eta aplikagarriak ikusteko eta ikasten jarraitzeko gogoak ez galtzeko.