Ordua

2012-10-24

Proposamen matematikoa

Proposamen matematikoa Eskolan, haurrak matematiketaz disfrutatzeko txapelketa bat prestatu daitekeela pentsatu dut. Horretarako, hauteskundeetan erabiltzen den antzeko kutxa bat baino ez dugu behar.
Nire proposamena hurrengoa da: 
Astero, jolas matematiko desberdin bat proposatuko zaie ikasleei eta hauek nahi izatekotan parte har dezakete. Hau da, parte hartzea norberak erabakiko du. Jolasak mota desberdinekoak izan daiteke. Hona hemen adibide pare bat: 


1) Sudoku bat betetzea. Betiere ikasleen adinetara egokituz.

2) Asmakizun bati erantzuna ematea. Esaterako, bat baino gehiago naiz, baina ez naiz hirura ailegatzen. 4ra ailegatzen naiz bi ematen dizkidazunean. Nor naiz?   



Kontua izango litzateke, astelehenero horrelakoren bat prestatzea haurrek egiteko. Beraz, nahi duenak aste bete izango du, proposatutako ariketari erantzuna emateko eta kutxan sartzeko. Bere erantzunarekin batera izen eta abizenak jarri beharko ditu. Irakasleak ostiralean jasotako erantzun guztiak begiratuko ditu eta ondo erantzun duenak edo dutenek sari bat jasoko du edo dute. Saria ez da zertan materiala izan behar. Hau da, irabazleak, esaterako kargu berezi bat hartuko du. Hona hemen adibide batzuk:


1) Irabazleak aste horretan klaseko fitxak banatzeaz arduratuko da.
2) Irabazleak berak gustuko duen musika plastikako klasera ekartzeaz arduratuko da. 
3) Irabazleak klaseko paperontzia husteaz arduratuko da. 
4) Irabazleak atsedenaldian, jolasteko materiala aukeratzeko lehentasuna izango du.


Proposamen honek bi helburu nagusi ditu. Alde batetik, matematiketarekiko duten ikuspuntua aldatzea. Beste aldetik, autonomia gehiagorekin eta erantzukizun gehiagorekin sarituak izatea.

2012-10-15

Oka matematikoa

Gaurkoan, jolas matematiko bat ekartzen dizuet, hain zuzen ere, oka matematikoa, biderkatzeko taulak ikasteko pentsatuta dagoena. Izan ere, eskolan biderkatzeko taulak buruz ikasi egin behar dira. Gainera, eskoletan erabiltzen den metodo honen bitartez emaitzak lortzeko, denbora asko behar da eta haur txikientzako gauza bakar batean denbora luzez kontzentratuta egotea ez da gauza erreza. Halaber, metodo honek ez ditu haurren interesak edota pentsamenduak kontutan hartzen. Haurrak oso irudimentsuak dira eta ez dute gustuko, gauzak memorizazioaren bidez ikastea.


Ildo beretik jarraituz, askotan gurasoek, txarto sentitzen dira ikustean euren seme-alabek ezin dutela biderkatzeko taulak memorizatu. Sarritan, iruzkin negatiboak egiten dituzte esanez, gehiago ikasi egin behar dutela, oso txarto egiten dutela... Iruzkin hauek direla eta, haurrek matematiketan txarrak direla pentsa dezakete. Modu honetan, euren konfiantza murriztu egiten da. 



Hau guztia ez gertatzeko, eta biderkatzeko taulak modu entretenigarriago eta aberasgarriago batean ikasteko, hasieran esan dudan bezala oka matematikora jolastea proposatzen dizuet.







Argazkian ikusten duzuen bezala, taulak 63 lauki ditu eta jolastu ahal izateko 2 jokalari behar izango dira gutxienez. Dado bakar batekin jolasten da eta ume bakoitza ateratzen duen zenbakiaren arabera mugitu egingo da. Bestetik, lauki batzuk bereziak dira. Esaterako 8an jauziz gero, txanda galdu egiten da. Hemen uzten dizkizuet arau guztiak.





Irabazi egingo du puntu gehien lortzen dituenak. Puntuak horrela lortuko dira: Biderketa bat ondo egiten duten bakoitzean puntu bat lortuko dute. Gainera, marigorringo bat dagoen laukian jauziz gero eta biderketa asmatuz gero 2 puntu lortuko dituzte. Azkenik, ibilbide osoa bukatzen duenak 3 puntu lortzen ditu. Puntu topea irakasleak erabakiko du. Esaterako, 20 puntura ailegatzen den lehenengoa izango da irabazlea. 

Biderketak haurrek egingo dituzte hurrengo taula jarraituz. Gainera, taulan bertan emaitza agertzen da. Beraz, haien artean zuzentzeko aukera dute. Hau da, haurretariko batek momentu horretan jolasten ari denari tokatutako biderketa galdetuko dio. Esan beharra dut, ez dudala taula osoa jarri, bestela txikiegia agertzen zelako.





Honekin guztiarekin jolasteko prest gaude. Jolas erraza da eta haurrek jolasaren dinamika behin harrapatuz gero bakarrik jolasteko gauza izango dira.

2012-10-11

Matematikak online

Gaur, sarean aurkitu dudan baliabide berri bat erakutsiko dizuet. Izan ere, erabilgarria izan daiteke modu dinamikoago batean, gehiketak, kenketak, biderketak zatiketak.... ikasteko. 


Gainera, albo batean ariketen zailtasun maila alda dezakegu, ariketak haurren jakintzen arabera egokitzeko. Zer edo zer ikasten den bakoitzean, ez da modu bakar batean ikasi behar, baizik eta mota desberdineko ariketak eginez, hain zuzen ere, eduki berriak barnera ditzaten. Beraz, gelan egiten eta ikasten dena, ariketa dinamikoago batzuekin tartekatzea ondo legokeela uste dut.



Nire ustez, web orrialde hau, batez ere, lehenengo bi zikloetarako dago zuzenduta. Gainera, txikitatik ordenagailuekin ibiltzea ondo datorkie gaur egun mundu informatizatu batean bizi garelako non teknologia berriak gero eta garrantzi handiago duten. Hemen klik egin web orrialdea ikusteko. Espero dut erabilgarria iruditzea. 

Hurrengora arte!