Ordua

2012-11-04

Matematikei buruzko hausnarketa

Nire ustez, gaur egun eskolan ematen diren matematikek aldaketa ezinbesteko bat pairatu beharko lukete. Izan ere, askotan matematikak era mekaniko edo sistematiko batean erabiltzen ditugu, zer ari garen jakin gabe. Hori gero eta nabariagoa da, zenbat eta maila altuagoan egon. Dena den, Lehen Hezkuntzan ere, praktikotasun falta nabaritzen da.






Nire ustez, haurrek edukiren bat behar bezala ikasteko, edukiari praktikotasuna ikusi behar diote. Hau logikoa da. Izan ere, zertarako ikasi inoiz ez erabili behar izango dugun zerbait? Eta gainera, egun batzuk pasa ondoren ahaztuko duguna? 

Galdera horien inguruan hausnartuz gero, nire ustez, ikasketa eraginkorra eta baliagarria izateko, edukiak nahitaez praktikara eraman behar dira haurrek ikus dezaten zein momentutan ikasitakoa aplika dezaketen. Hala ere, Lehen Hezkuntzako matematikak oinarrizkoak direnez, praktikotasun eza ez dago hain agerian. Izan ere, eguneroko bizitzarekin zerikusia duten problemak ebatzi behar dituzte. Beraz, esan bezala matematiken zailtasun maila zenbat eta handiagoa izan, gero eta praktikotasun gutxiago ikusten diogu ikasitakoari. Baina zergatik? Gauzak kalkulatzea eskatzen baino ez digutelako, konturatu gabe kalkuluak egiteko kalkulagailuak ditugula. Beraz, zertarako ikasi integralak egiten, baldin ez badakigu noiz egin behar dugun integral bat bizitzan sortutako arazo bat konpontzeko? 

Honekin lotuta, Lehen Hezkuntzan praktikotasuna are gehiago azpimarratzea nahiko nuke. Esaterako, ni gogoratzen naiz, angeluak neurtzen ikasi nuenean, beti liburuan agertzen ziren angeluak neurtu behar nituela. Honek ez du errealitatea erakusten. Izan ere, gure bizitzan zehar seguruenik, angeluren bat neurtu behar izatekotan, angelu hori ez da liburu bateko gainazal lau batean agertuko, baizik eta hiru dimentsioko objektu erreal bateko angelua neurtu behar izango dugu. Esaterako, izkina baten angelua neurtzea behar izango dugu, bertan altzairu bat jartzea erabaki dugulako. Hau adibide soil bat baino ez da, baina askoz ere gehiago daude.

Ondorioz, irakasleak izango garenez gero, honetan ahalegin handiak egin beharko genituzke, edukiak errealitatera hurbiltzeko, haurrek matematikak baliagarriak eta aplikagarriak ikusteko eta ikasten jarraitzeko gogoak ez galtzeko.